[También en castellano]
Impulsa Navarra Solar – Nafarroako Eguzki Bultzadaren lehen erosketa kolektiboko estalki fotovoltaiko guztiak instalatuta daude eta energia berdea sortzen ari dira dagoeneko. Autoprodukziorako Som Energiaren erosketa kolektibo honi esker, Nafarroako 56 bazkidek plaka fotovoltaikoak instalatu ahal izan dituzte.
Nafarroako tokiko taldeak bultzatu duen erosketa honetarako, lehiaketa bidez, instalazioak egingo zituen enpresa aukeratu zen, eta, izena emateko epea ireki zenean, 70 lagunek baino gehiagok eman zuten izena.
Etxeko autoprodukziorako 56 eguzki-instalazio hauen potentzia totala 165 kWp ingurukoa da, eta urteko 235 MWh-tik gorako batez besteko ekoizpena ahalbidetzen dute.
Bestetik, Som Energiak autoprodukzioa bultzatzen du lurralde osoan banatutako beste erosketa kolektibo batzuen bidez, betiere giltza eskurako ereduari jarraituz. Ia hirurogei erosketa kolektibo daude abian (batzuek izena emateko epea irekita dute oraindik) eta beste hamabost inguru sortze-bidean daude.
Bultzatzen ari garen erosketa kolektiboei esker, 2.900 bazkidek baino gehiagok teilatuan instalazio fotovoltaiko bat dute dagoeneko eta kontsumitzen duten energiaren zati bat ekoizten dute (hori laster instalatuko diren berriak kontuan hartu gabe). Beste urrats bat egin dugu eredu energetiko berriztagarri, demokratiko eta banatu baterantz.
Soberazko energiaren konpentsazioa
Erosketa kolektiboetan parte hartzen duten lagunek zein etxean autoprodukziorako eguzki-plaka fotovoltaikoak beren kabuz instalatu dituztenek Som Energiaren soberakinen konpentsazio sinplifikatuko modalitatea hautatu dezakete, 244/2019 Errege Dekretuak xedatzen duenaren arabera.
Konpentsazioa sortzen duten, erabiltzen ez duten eta sare elektrikora isurtzen duten soberazko energiaren ordainetan ematen da. Autoprodukzio-soberakinak Kooperatibak merkatu elektrikoan kontratuak merkaturatzeko erosten duen energiaren balio berean konpentsatzen dira. Som Energiak soberazko energia erosi eta beste erabiltzaileei saltzen die; hortaz, bidezkoa iruditzen zaigu energia merkatuan erositako energiaren prezio berean ordaintzea.
Gure Sustraiak erakundeari instalazio fotovoltaiko bat doan ematea
Lehiaketaren oinarrietan jasotzen den erosketa kolektiboaren helburuetako bat da enpresa esleipendunak (MB Solar) instalazio fotovoltaiko bat doan egitea ekonomia sozial eta solidarioko erakunde batentzat. Tokiko taldeak bozketa bat antolatu zuen 2020ko amaieran eta Gure Sustraiak erakundea izan zen boto gehien lortu zituena.