Dagoeneko hasi da kanpaina, kaleak kartelez josita ditugu, promesak non nahi, aldaketa itxaropen handiak, aurpegi berriak gure herrietako paretetan zintzilik… gure alorrean, energetikoan, energiaren demokratizazioari buruz, herritarren eta udalerrien burujabetza energetikoaz, eredu energetikoa deszentralizatu, garbiago, justuago eta jasangarriagoa egiteaz edota gure kontsumo energetikoa jaisteaz mintzatzen dira alderdi politiko gehienak, baina salbuespenak salbuespen, ez dugu proposamen zehatzik entzun.
Gure kooperatibaren foru erkidegoko taldea, Energia Gara Nafarroa (kooperatiba osatzen duten beste talde guztiak bezala), ezin gaitezke une garrantzitsu honetan ikusle soil gisa gelditu. Gure neurrian, ahots aktiboa izan nahi dugu; esateko gauza asko ditugulako, zer esaten dugun badakigulako eta kooperatibaren bitartez, gizartearen partaidetzarekin, eredu energetiko berri baten alde lanean gabiltzalako.
Egia da gure proposamenak alderdi politikoen hauteskundeetako programetan sartzeko berandu izan daitekeela, baina aurrera begira, kontutan har ditzazuen eskertuko genuke. Energiaren gaia, hauteskundeetan gure agintariak aukeratzerako orduan benetan garrantzitsua dela deritzogu, beraz zuen politika energetikoa zein izango den azaltzea eskertuko genuke
Lerro hauek idazteko atzerapenaz jabetu arren, eredu energetikoaren eztabaidan proposamen zehatz batzuk luzatzeaz gain, gure herri, hiri eta foru erkidegoan hartzen diren erabakietan parte hartze zuzena izateko nahia azaldu nahiko genizueke. Jarraian, aurretik esan bezala, guretzat garrantzitsuak diren gaiak azaltzeaz gain, gure ezagutza, lana eta aldaketa nahia luzatzen dizuegu, 2015eko maiatzetik aurrera gure lurraldean ardura izango duzuen alderdi politikoei.
Gure proposamenaren elementu nagusietako bat, energia herritarren zerbitzura egon behar dela pentsatzen dugulako, SUBIRANOTASUN ENERGETIKOA da. Energia pertsonentzat izan behar da eta azken hauek erabaki behar dute, zein eratako energia nahi duten.
Energia, oinarrizko beharren funtsezko bektorea, kontsumo baliabide bat bilakatua izan da. Justizia soziala eta ingurumen-irizpideak erabili ordez, etekinen irizpideak erabili dira berau kudeatzeko orduan. Bizi dugun “krisi ekonomikoak”, neurri handi batean erregai fosilen agortzearen ondorioz, agerian utzi du energiak pertsonengan duen eragina; Nafarroako familien %19a txirotasun energetikoan bizi da, hau da, diru sarreren %10a baino gehiago, argindarra eta gasa ordaintzera bideratu beharrean daude.
Irabazi ekonomikoaren irizpideak berak, energia berriztagarriak erabiltzeko lurralde apropos baten bizi garela agerian uzten digu; ikusi besterik ez dago gure lurraldean instalatu diren energia berriztagarria sortzen duten instalazioak. Baina zoritxarrez, hau horrela izan arren ere, erregaia fosilak “ustiatzen” jarraitzen dugu, gure lurraldetik oso urruti; petrolioa, gasa,.. Energia mota hau sortzeko erabiltzen diren baliabideak, berauek kudeatzen dituzten enpresei, irabazi ekonomiko handienak ematen dizkieten lurretan kokatzen dira soilik. Horren ondorioz, energetikoki oso menpeko herrialde bat izatera behartzen gaitu. Horrez gain, baliabide horiek erauztearekin lotutako kostu askok (ekonomikoak edo ez) kanpo eraginak dituzte herrialde esportatzaileetan, hala nola,; kutsadura, ingurumenaren degradazioa, lan-esplotazioa, giza eskubideen urraketa edo txirotasuna.
Azken hamarkadan, fase berri batean sartu garela esan genezake; erregai fosilen garestitzeak eta finantza-krisiaren testuinguruan lurrarekiko espekulazioa joera berriek, azken erregai fosilen erreserbak erauztea sustatzen dute, orain arte bidera ezinak ziren erauzketa tekniken bidez.
Fracking bidez, lurra erauzteko erabakia ez da gizartearen beharrak asetzeko helburuetan oinarritzen, ezta gizarteari era positiboan laguntzeko nahietan ere. Gaur egun, gizarte zibilak ez du ekoizpen energetiko motaren gainean erabakitzeko gaitasunik: zer, nola, zenbat eta zein energia mota erabili erabaki ordez. Azken finean zerbitzu energetikoen bezeroak besterik ez gara.
Bestalde, azkenaldian izan dugun garapen eredua, ere, ez dago aldagai hauengandik oso aparte. Hazkunde infinitua eta energia «merkearen» paradigmapean, jasangarritasunaren aldagaiak oso balio urria izan du. Produkzio-jarduera eta lurralde-politiken antolaketa geografikoa, aurrezte eta eraginkortasun energetikoarekin guztiz kontraesanean daude. Nafarroan kontsumitzen dugun energiaren %35 garraiora zuzentzen dugu, eta garraioa, gure planetan isurtzen den CO2aren %25aren erantzule da. Honetarako, ia osotasunean, erabiltzen diren erregaiak petroliotik eratorriak dira. Nazioarteko Energiaren Agentziak aitortu duenez, petrolioaren ekoizpenak 2006an goia jo zuen, Peak Oil-a pasatu dugu beraz.
Gaur egungo egoera gainditzeko lan egitea beharrezkoa izatea baino, ezinbestekoa dela deritzogu. Datozen hamarkadetan izan nahi dugun gizarte ereduak baldintzatuko ditu gure behar materialak eta hauekin lotuta dauden behar energetikoak ere. Gure kontsumo eta eredu produktiboak, gizartean sortzen dituen desberdintasunak ikusirik, eta berau beharrezko dugun eredu energetiko batetara zuzentzeko asmoz, paradigma honen aldaketa sakon baten alde apustu egiten dugu, honako irizpideak jarraituz:
- Demokrazia: zer, nola eta batez ere zertarako ekoizten dugun erabaki behar dugu. Energiaren ekoizpena, kolektiboki identifikatua eta gizartearen irizpide eta beharren araberakoa izan behar da.
- Energia ekoizpenaren kontrol soziala: ahalik eta kontsumo handiena izateko interesa duten oligopolio ereduetatik at, ekoizpen energetikoa optika ez merkantilista batetik kudeatua izan behar da. Kudeaketa publiko edo komunitarioen bitartez, ondasun komunak eraikiz.
- Jasangarritasuna: erregai fosilak, finituak eta aldi berean kutsakorrak, ez dira etorkizunera begira aukera egokiak. Energia berriztagarrien alde irmoki apustu egin behar dugu, sistema jasangarri bat izateko pausuak definituaz. Bestalde, espainiar zein frantziar estatuko zentral nuklearren itxierak bultzatu behar dira, besteak beste Chernobil eta Fukushiman izandako hondamendiak ez errepikatzeko.
- Energiaren kontsumoa murriztea: Energia berriztagarrien bitartez, gizadiaren behar energetikoak ase genitzake, baina ez gaur eguneko herrialde aberatsen produkzio sistema eta kontsumoa izanik; sektore batzuk, energetikoki oso intentsiboak dira eta gizartearen eta ingurumenaren ongizatean ez dakarte inolako onurarik . Gaur egungo egoera energetiko eta ekonomikora eraman gaituen hazkunde-eredua errotik aldatu behar da; herrialde “aberatsetan” energia gutxiago kontsumituz eta energia berriztagarrien bidez oinarrizko behar sozialak bermaturik izateko helburuarekin.
- Deszentralizazioa: aurretik aipatu diren puntu guztiak betetzeko, eta gaur eguneko pilaketa ereduaren aurrean, eredu energetikoa behetik eraiki behar da. Horretarako, konponbide eta errezeta berezi eta miragarriak alde batetara utzi behar ditugu. Heterogeneotasuna eta bere ingurunera egokitutako tokian tokiko proposamen anitzak, eredu energetiko berri baten trantsiziorako berme dira.
Laburbilduz, subiranotasun energetikorantz joateko bidea hautatzen dugu, aurretik azalduriko puntu guztiak batzen dituen kontzeptua izanik, gisa eskubideak eta ingurumenarekiko harmonia izateko bide bakarra delako. Hori lortu asmoz, gure udalerri eta erkidegoan burutzeko, honako helburu eta betebeharrak finkatzen ditugu:
HELBURUAK:
- Auto-produkzioan (pribatu eta publikoan) oinarritutako eredu energetiko bat bultzatzeau, non progresiboki, oligopolio energetikoekiko aske izan eta maila lokalean kontrola izanik.
- Kontsumo energetikoa ondasun publiko kontsideratu behar dugu eta zerbitzu energetiko modernoak, oinarrizko zerbitzu bezala, herritar guztientzat eskuragarri izatea.
- Zero emisiodun udalerri, hiri eta foru erkidego baten alde lan egin, Europar Batasuneko (20-20-20) helburuei aurre hartuz.
- Erregai fosilak aurkitzeko eskaerei eta are gutxiago ohikoak ez diren erauzketa teknikak (fracking-a) erabiltzeari uko egitea.
- Energia aurrezteko bide arrazional eta eraginkorrak bultzatzea, datozen belaunaldien zein beste herrialdeen subiranotasun energetikoa ez baldintzatzeko.
- Energia berriztagarrien eta energia aurrezteko lanean diharduten enpresa teknologikoak bultzatu eta sendotzea.
- Argindar banaketa sarea udalen eskuetara pasatzeko bide legalak aztertu eta udal hauetan balantze netoa ezartzea.
- Aztertu eta burutu behar diren proiektu bakoitzean, iraunkortasunaren kontzeptua zentzu zabal eta zorrotzean aplikatzea.
EKINTZA KOLEKTIBO-ADMINISTRATIBOAK
- Eraikin, zerbitzu eta udal eta foru espazioetarako, Autonomia Energetikoaren Ekintza Plan bat sortzea.
- Gure herri, hiri edo lurraldearekiko konpromisoa eta ekonomia soziala bultzatzen duten enpresek kudeaturiko, %100 jatorri berriztagarria duen energiaren fakturazioa bultzatzea.
- Era autonomoan antolaturiko entitate eta kolektiboen bitartez, gizartea inplikatzen ahalegindu, autonomia eta aurrezpen energetikoa, auzo eta zonaldeka, lortzeko planak burutzeko.
- Txirotasun energetikoarekin amaitzeko, oinarrizko hornikuntza bermatzera bideratutako ekintzak bultzatzea.
- Txirotasun energetikoaren aurkako neurriak hartzea: gizarte langileei eta familiei bideraturiko efizientzia energetiko eta fakturei buruzko ikastaro eta tailerrak emanaz, bono sozialaren zabalkuntza eta tramitazioa erraztuaz, isolamendu eta instalazioetan inbertsio txikiak eginaz, …
- Energia berriztagarrien teknologietan lan egiten duten enpresen ezartzea eta garapena erraztea, izan sorrera, mantenu, zein energia aurrezteko alorrean.
- Mugikortasun jasangarria bultzatzea, mugikortasunaren beraren murrizketa sakonean eta garraio publiko eta kolektiboen erabileran oinarritua. Beharrezkoa den mugikortasunean, teknologia elektrikodun automobil-parkearen (publiko zein pribatuaren) handitze progresiboaren alde egitea.
- Mugikortasun jasangarriaren aldeko neurriak martxan jartzea: garraio publikoaren erabilera bultzatzea, ibilgailu jasangarrien erabilera bultzatzea (bizikleta, garraio publikoa,…), kaleak oinezkoentzako egokitzea, mugikortasun beharrak batzeko neurriak bultzatzea (autoak partekatu, komunitate autoak bultzatu, beharraren araberako garraioa,…).
- Ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntu guztiak energia iturri berriztagarriengandik elikatuta egotea ziurtatzea.
- Gure artean komunikatzeko balio duen tren garraio zerbitzu bat garatzea, gizarte osoaren mugimendua bultzatuz, gutxi batzuentzako abiadura handiko trena garatu ordez.
- Eraikuntzen berrikuntza aktibatzea, eraginkortasun energetikoaren alorreko irizpideak aplikatuz.
- Hezkuntza zentroetan, eraginkortasun energetiko programak ezartzea. Esaterako, 50/50 proiektua; frogatuta dagoen aurrezte eta ingurugiro hezkuntza proiektua. Aurrezten den kontsumoaren %50a eskolari bueltatzean datza, zuzeneko diru laguntza gisa. Gainontzeko %50a, aurrezteko neurriak hartzeko, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko eta energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko erabiliko da, hezkuntza zentro berean, erabakietan udal korporazioak parte hartuko duelarik.
- Eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak bultzatuko dituzten neurri fiskalak ezartzea: ordenantza fiskaletan autokontsumo proiektuak laguntzeko diru laguntzak ezarri, berrizte energetikoa, eraikuntza jasangarria, ibilgailu elektrikoa, garraio beharrak kudeatu eta batzeko neurriak hartu…
- Energia berriztagarriengandik norberaren beharrak asetzeko sistemen instalakuntza, garapen eta operazioari trabak jarriko lizkieken neurriak ekidin eta ezabatzeko udal- ordenantzak berrikustea.
MAILA LOKALEAN EKOIZPEN, BANAKETA ETA KONTSUMO ENERGETIKOAREN MURRIZKETARI BULTZADA EMATEA
- Energia fotovoltaiko eta termikozko ekipoak, udal eta jabego publikoko eraikinen (eskola, polikiroldegi, liburutegi…) teilatuetan instalatzea.
- Energia fotovoltaikoaren auto-ekoizpena/autokontsumoa garatzea; erabilera komunetarako bizilagun komunitateetan (igogailua, sare elektriko komunitarioa eta abar), industria-nabeen teilatuetan eta hirugarren sektoreko eraikuntzetan.
- Gertuko basoen kudeaketako biomasa erabiltzea: kudeaketa plan jasangarri baten bitartez, baita hondakin industrial eta energia termikoaren ustiapenerako.
- Erabilera termikorako biogasaren erabilera bultzatzea, baita gas naturalarekin batera sarera isurtzea ere. Ustiapenaren hurrengo urratsa, inguruko herri eta hirietako hondakin organikoetatik lortutako biogasetik eratorritako elektrizitatearen ekoizpena izango litzateke.
- Eskala txikiko ekoizpen eolikoa bultzatzea, kontsumituko den puntuetan bertan kokatua.
- Erraustearen izaera berriztagarria ezbaian jartzea eta hondakin organikoen tratamendu gisa konpost-aia lehenestea.
- Instalazio elektriko publikoen ikuskaritzak egitea. Beharrezkoa da instalazio hauen egoera ezagutzea, funtzionamendu eredu berri baten aurrean agertuko diren aukera berriak aztertu ahal izateko.
- Konpainia elektrikoek bereganatu zituzten linea eta banaketa transformadoreen jabetzak udalen jabegora pasatzea.
- Etxebizitza araudi berria egitea. Ez da nahikoa etxebizitza berriek instalazio fotovoltaiko nahiz termikoak izatearekin. Egiaztatu, ikuskatu eta era egokian jarri behar dira martxan.
- Eraginkortasun energetikoaren aldeko neurriak diseinatu eta ezartzea, kontsumo xahuketa ekiditeko balioko duten erabilerak lehenetsiz. Erabilera aldaketa hauen bitartez ekonomikoki aurreztutakoa, zati batean edo guztia, eraginkortasun energetiko neurri berrietan inbertituko da; epe motzean aurrezte handia ekarriko dituzten neurriak lehenetsiz. Adibidez: udal ekipamenduaren monitorizazioa (elektrizitatea, ura, erregaiak).
DIBULGAZIOA, PROMOZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA
- Eskualde nahiz udal espazioak, energia berriztagarrien promozio, dibulgazio, sustapen eta ikerkuntzan espezializatutako zentro gisa gaitzea. Nafarroaren kasuan CRANAren (Centro de Recursos ambientales de Navarra) deusezte prozesuan atzera pausuak ematea eta “Agenda 21” bezalako bulego-lokalen garapenean laguntzea. Beharrezkoa balitz, baita erakunde berrien sorkuntzan ere.
- Energiaren Udal Bulegoa garatzea (Energia Agentzia Lokala), eredu energetiko berrirantz egin beharreko bidearen eta garatu beharreko programaren bultzatzaile eta sustatzaile lana egin dezan.
- Iturri fosil nahiz nuklearretatik eratorritako energiak baztertzeko sentsibilizazio kanpainak egitea.
- Aurrezte energetikoan eta energia berriztagarrien erabileran aholkulari izateko pertsonak prestatzea; ingurugiro gaietan, gizarte edo kolektibo jakin batzuen laguntzarako, giza agente lana egin dezaten.
- Argi kontadore adimenduen politikak aldatzea: aurrezte energetiko bat lortzeko bidean, beronen bitartez lortutako datuak erabiltzailearen esku utziaz.
Testu honetan gure kooperatibak parte hartzen duen lan talde ezberdinei erreferentzia egiten zaie eta lan hau berauen ondorioetan oinarritu da. Dokumentu oso interesgarri eta landuak direnez, horietako batzuen esteka eta informazioa uzten dizuegu jarraian:
- XESen Subirautza Energetikoaren Manifestua eta honen udal ikuspegia.
- Udalerri Jasangarrien Manifestua. Udal administrazioetara iristen diren partidu sinatzaileek aurrekontu partida handiak erabili beharrik gabe hartu beharreko neurriak ageri dira bertan. Nafarroako udalerriei bertara batzeko deia luzatzen diegu.
Dokumentu honetan proposatu ditugun gaien inguruan, ekintza edo informazioa garatu ahal izateko, edozein erakunde publiko, partidu politiko edo talderekin elkarlanean haritzeko prestutasuna adierazi eta luzatzen dugu.
Energia Gara Nafarroa
energiagara@somenergia.coop