2015.en urtea hasi bezala amaitu genuen, jarduera, ikastaro, generazio proiektuetan lanean,… baina guretzat berriak eta oso interesgarriak diren lanetan ere hasi ginen.
Zuetariko askok azken egunetan irakurriko zenuten bezala, Iruñeko Udalak, Argindarraren Komertzializazio Munizipala sortzeko bideragarritasuna aztertzeko eskaera luzatu digu.
Iruñeko udal sail berriak, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumenak, energiari dagokionez asmo handiko helburuak ezarri ditu, Udal Agentzia Energetikoari indarra emanaz. Azken honek, orain arte izan dituenak baino eskumen gehiago izango ditu eta energiari dagokionez, erreferentzia izango da udal sail guztientzat.
Udal Agentzia Energetikoaren helburuak hiru mailatan banatzen dira: aurrezpen eta efizientzia energetikoa, energia berriztagarriaren sorkuntza eta energia erosketa hobetzea. Azken honen kasuan, arlo ekonomikoaz gain, ingurumenari, energia berriztagarria erosiaz, eta gai sozialei, ekonomia soziala bultzatzen duten enpresekin lan eginaz, garrantzia handiagoa emango zaie.
Bide honi jarraiki, Argindarraren Komertzializazio Munizipala egiteko aukera aztertzeko helburu da lehenengoa. Abantaila ugari izan ditzake energia era honetan kudeatzeak: udalarentzat oinarrizkoa den zerbitzu bat, argindarra, udalak berak kudeatzea, energia berriztagarria ziurtatzea, txirotasun energetikoaren aurka lan egiteko eskumen gehiago izatea,…
Edozein pauso eman aurretik, energia kudeatzeko merkatu elektrikoak ematen dituen aukera guztiak aztertu beharko ditu udalak; zenbateko kostua suposatzen duen aukera bakoitzak, beharrezko diren giza baliabideak eta zer abantaila ematen dituen bakoitzak. Energia Gara-ren ardura, udalak, datozen hilabetetan, aukera onena hartzeko ikuspegi tekniko eta ekonomikoa ematea izango da.
Proiektu honen nondik norakoen berri ematen jarraituko dugu aurrerantzean ere.
Harremanetarako:
energiagara@someneriga.coop
San Agustin 24, etxabea. 31001 Iruñea (Hilabeteko lehen asteartetan)